XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Arantzazuko Ama Birjina erresidentziako Neurologi zuzendariak dioenez, bi eratako eutanasiak erabiltzen dira eritegietan.

Sendatu ezin diren gaisoak badira eta sufritzen badute, ondo hiltzen lagundu behar diegu.

Batez ere, burmuineko lesioak dituzten gaisoekin eta minbiziak jota daudenekin erabiltzen da eutanasia.

Gaisoari sufrimenduak kentzeko, medikuak lasaigarriak, analgesikoak, etab. ematen dizkio.

Medikuak badaki bizitza laburtzen diotela, baina bere helburua ez da hori, gaisoaren bizitzaren kalitatea hobetzea baizik.

Medikuak, bestalde, bitarteko bereziak ez erabiltzeko eskubidea du.

Esate baterako, gaisoa arnasa hartu ezinik gelditzen bada, ez du tutuaren bidez arnasa ematen egon beharrik ", jarraitzen du Marti Masso-k.

EZTABAIDA UGARI

Dena dela, kontzeptu horiek ez daude batere garbi.

Batzuk, esate baterako, bitarteko berezien barruan sartzen dute gaisoari sueroa ematea.

Mediku guztiak, beraz, ez daude ados.

Gizartea ere ez dator bat gai honetan.

Europa aldean eutanasiaren aldeko erakundeak badira.

Hauetako batzuk, esandako eutanasiaz gainera, beste mota bat ere ikusten dute.

Hau da, medikuak hilzorian eta sufritzen dagoen gaisoaren bizitza laburtu behar duela.

Hitz gutxitan, gaisoa hil behar duela.

Eutanasia mota hau guztiz debekatuta dago; besteak, berriz, Vatikanok berak ere onartzen ditu.

Eutanasiaren bidetik sartu baino lehen, zerbitzuko zuzendaria bertako medikuekin biltzen da eta denen artean erabakitzen dute.

Ondoren, gaisoaren familiarekin hitzegiten dute beren senidearen egoera azaltzeko.

Familiak ez du batere trabarik jartzen gehienetan.

Izan ere, medikuen erabakia gaisoaren onerako bezala hartzen da.

Gehienetan, gaisoa konorterik gabe egoten da.

Beraz, ezin du ezer esan.

Dena dela, konortea izan arren, ez diegu ezer esaten.

Ezin zaie esan aukera hauetako bat hartzeko: bi hilabetez tutuz beteta bizi ala heriotzea.

Hori oso gogorra izango litzateke.

Horrelakoetan gaisoa engainatu egin behar izaten dugu adorea emanez, esaten du neurologiako zuzendariak.

HILTZEKO GOGOA

Min handiak dituzten gaiso batzuk hil nahi dutela esaten dute.

Baina hori ez da egia eta medikuak ez du hori sinetsi behar.

Gaisoak ez du sufrituz bizi nahi, baina bizi nahi du, hori bai.

Hala ere, gaisoek batzutan lurjota egoten dira eta hiltzeko esaten diote medikuari.

Honek, berriz, ezin du horrelakorik egin.

Gaitz larriak dituzten gaisoek hiru urrats eman ohi dituzte medikuaren diagnostikoa jaso eta gero.

Hasieran ukatu egiten dute diagnostikoa, geroago bere onetik ateratzen dira, baina hirugarren urratsean onartu egiten dute egoera.

Beraz, medikuak ezin dio bigarren pauso horretako gaisoaren etsipenari amore eman.

Eutanasia ez dago bizitzaren azken momentura arte erabiltzerik.

Medikuntzako aurrerapenekin, heriotze eta bizitzaren arteko muga lausotzen ari da.

Medikuen helburua tratamenduen bidez gaisoei mina kentzea da.

Dena den, tratamendu horrek gaisoaren bizitza laburtzen du.